Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, ekainaren 3an (asteartea) egindako bileran, aldi baterako indartze-programa bat sortzea onartu du, Euskadin lan egiten duten atzerritarrei lan-baimenak emateko Estatuak transferitutako eskumenak bere gain hartzeko. Horren bidez, Eusko Jaurlaritza erantzukizun berri horiek modu eraginkorrean kudeatzeko beharrezko baliabideez hornitu nahi da, eta kudeaketak eskatutako arintasunez eta eraginkortasunez egingo direla ziurtatu, horrela kolektibo horren lan-eskubideak eta tratu-berdintasuna bermatuz.
Programaren arabera, aholkulari juridikoa izango duten bi pertsona kontratatuko dira 12 hilabeteko epean, eta epe hori luzatu ahal izango da Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko lanpostuen zerrendan finkatu arte. Kontratazio horiek bitarteko funtzionarioen figurarekin egingo dira, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legean ezarritakoaren arabera.
Langile berriak arduratuko dira, besteak beste, bizileku- eta lan-baimenak izapidetzeaz, aldaketez, berritzeez, jatorrizko kontratazioak kudeatzeaz eta Lan Ikuskaritzarekin lotutako lanez, araudia betetzen dela bermatzeko.