Astearte honetan egindako Ministroen Kontseiluak Errege Dekretu bat onartu du, lan-harremana gure erkidegoan duten atzerritarrei beren kontura edo besteren kontura lan egiteko hasierako baimenen arloan zenbait eginkizun eta zerbitzu EAEri eskualdatzeko.
Prozedura Eusko Jaurlaritzak eskatuta hasi zen, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordeak 2025eko martxoaren 6an egindako bileran. Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio, Lurralde Politika eta Memoria Demokratiko eta Ogasun Ministerioen aldeko iritziak jaso ondoren, zegokion akordio-proposamena egin zen, Euskal Autonomia Erkidegoak aldez aurretik onartu zuena, eta Transferentzien Batzorde Mistoak 2025eko maiatzaren 30ean egindako osoko bilkuran onartu zen.
Funtzioak eta zerbitzuak eskualdatzea:
Lan-harremana Euskal Autonomia Erkidegoan duten atzerritarrei beren kontura edo besteren kontura lan egiteko hasierako baimenak ematea.
Euskadin egin beharreko atzerritarren sasoiko jarduerarako lan-baimenak.
Jatorrian egindako kontratazioen kudeaketa kolektiboa, lan-arloko izapideei dagokienez, aplikatzekoa den estatuko araudiaren arabera.
Lan-kontratuaren edo -kontratuen baldintzak betetzen direla egiaztatzea, dagokion txostena eginez, errotze soziolaborala lortzeko.
Dagokion txostenaren bidez, gizarte- eta prestakuntza-errotzea lortzeko behar diren prestakuntza eta irakaskuntzen baliozkotasuna egiaztatzea.
EAOn jarraituko duten zerbitzuak:
Atzerritarrei lan-baimenen arloan aplika dakiekeen legeria.
Nazioarteko tresnak negoziatzea eta egitea, eta Estatua nazioartean ordezkatzea.
Eskaintzak herrialde jakin batzuetara bideratzeari buruzko erabakia hartzea eta herrialde horietako agintariekin harremanak izatea jatorrizko herrialdeetako kontratazioen kudeaketa kolektiboan.
Eskualdaketa honen xede ez diren bizileku- eta lan-baimenak.
Prozeduren kudeaketa elektronikoan formatu eta estandar komunak ezartzea.
Gainera, Errege Dekretuak lankidetza-formulak aurreikusten ditu, hala nola aplikazio informatikoak erabiltzea, informazioa trukatzea, hitzarmenak eta akordioak sinatzea eta Jarraipen Batzordea. Batzorde hori sei kidek osatzen dute modu iraunkorrean, eskualdaketa behar bezala gauzatuko dela bermatzeko beharrezkoak diren lankidetza-harremanak gauzatzeko.
Funtzio eta zerbitzuei lotutako giza baliabide gisa, funtzionarioen lau lanpostu huts eskualdatzen dira: bi Bizkaian, bat Araban eta bat Gipuzkoan.
Eginkizun eta zerbitzuen eskualdaketak 2025eko uztailaren 1etik aurrera izango du indarra.