Atzo, hilak 17, egindako Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu egin zuen Ekialde Ertaineko gatazkaren ondorioei aurre egiteko euskal industriaren ordezkariek helarazitako behar nagusiei erantzutea helburu duen lehen laguntza-sorta hau.
EAEko industria, ekonomia eta enplegua babesteko neurri-sorta hori lau ardatzen inguruan egituratzen da:
- Pertsonak eta enplegua babestea: 105 milioi euro.
- ETEentzako finantza-laguntza: 450 milioi euro.
- ETEen eraldaketa eta dibertsifikazioa: 277 milioi euro.
- Autonomia energetikoa: 215 milioi euro.
Lehenengo jarduera-ardatza pertsonen eta enpleguaren babesa da. Laguntza hori honela banatuko da:
- Kontratazioa sustatzeko programak, diskriminazio positiboarekin, langabezian dauden pertsonentzat eta/edo eragindako enpresentzat: 100 milioi euro.
- Langabezia-prestazioen osagarriak aldi baterako lan-erregulazioan dauden langileentzat, kalteberagoak eta soldata murritzagoak dituztenentzat: 2 milioi euro.
- “Aukera Berri” programa, eraginpeko sektoreetatik datozen pertsonak birkualifikatzeko eta birkokatzeko: 1,5 milioi euro.
- Gizarte-ekonomiarako laguntzak, zuzeneko galera ekonomikoak dituzten lan-sozietateei eta/edo kooperatibei aparteko neurriak ezartzeko: 1,5 milioi euro.
Bigarren ardatza ETEentzako finantza-laguntza da:
- Era berean, Eusko Jaurlaritzak 2026ra zabaldu du ETEei eta euskal industriari zuzendutako Finantza Laguntzarako Programa, nazioarteko muga-zergen markoak eta Ekialde Hurbileko gatazka belikoak eragindako ondorio ekonomikoek eraginda.
- Programa horrek 450 milioi euroko gehieneko ahalmena mantentzen du maileguetan, zirkulatzailearen likidezia- eta finantzaketa-beharrak estaltzeko.
- Maileguak 100.000 eta 1.500.000 euro artekoak izango dira enpresa txiki eta ertainentzat eta enpresa handi hautagarrientzat, eta 30.000 eta 120.000 euro artekoak langile autonomo eta profesionalentzat.
Hirugarren jarduera-ardatza ETEen eraldaketa eta dibertsifikazioa da:
- 2026ko aurrekontu errekorrari 87 milioi gehiago gehituko zaizkio, gure enpresa txiki eta ertainak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko.
- Guztira, Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ETEentzako laguntzetara, hau da, % 51,4ko igoera 2025eko aurrekontuarekin alderatuta.
- ETEei programa horietan sartzen laguntzeko, SPRIk adimen artifizialean oinarritutako lehen elkarrizketa-laguntzailea jarri du abian, “industrIA” izenekoa. Zerbitzu honek programen eskaintza ETEen behar espezifikoetara pertsonalizatzen du.
Eta laugarren ardatza Autonomia energetikoa da:
- Eusko Jaurlaritzak, EEEren bidez, proiektu fotovoltaiko eta eoliko handietan batera inbertitzearen alde egingo du, 80 milioi euroko zuzkidurarekin 2030era arte.
- Iberiar penintsulatik datorren hidrogeno berdea bezalako energia berriztagarrien segurtasuna eta kontsumoa areagotzeko, Eusko Jaurlaritzak, EEEren bitartez, hidrogenoari eta CO2ari lotutako energia-azpiegituretan baterako inbertsioaren aldeko apustua egingo du.
- Bestalde, Lehendakariak iragarri zuen bezala, Eusko Jaurlaritzak faktura elektrikoa murrizteko neurrien dekalogo bat planteatu du. Beste ekimen batzuen artean, azpimarratzekoa da elektrizitatearen BEZa % 21etik % 5era murrizteko proposamena, etxeentzat, eta elektrizitatea sortzeko zerga kentzeko eta bidesari energetikoak murrizteko proposamena, enpresentzat.
- Ondorioz, 215 milioi euro bideratuko dira autonomia energetikora.
Eusko Jaurlaritzak onartutako industria-ezkutuaren laburpena.