Gobernu Kontseiluak, joan den astearteko bilkuran, N-I errepidean kontrako noranzkoan doazen ibilgailuak detektatzeko eta ohartarazteko sistema aitzindaria eraikitzeko, instalatzeko, martxan jartzeko eta mantentzeko proiektua onartu du, baita C-ITS baliza berriak (Garraio Adimentsu Kooperatiboko Sistemak) N-I eta A-15 errepideetan hedatzea ere.
“Kamikazeen aurkako” sistema datozen asteetan hasiko da instalatzen N-I errepideko 15 puntutan, eta urte amaieran pixkanaka martxan jartzea aurreikusten da. Dispositiboak Idiazabal, Lazkao, Ordizia, Legorreta, Ikaztegieta, Alegia, Tolosa, Irura, Billabona, Andoain eta Lasarte-Oriako sarbideetan kokatuko dira. Sistema horiek teknologia aurreratua, 3D radar-kamerak, adimen artifiziala eta matrikulen azterketa izango dituzte. Horri esker, kontrako noranzkoan zirkulatzen duten ibilgailuak identifikatu ahal izango dira denbora errealean, eta informazio-panelak aktibatu ahal izango dira automatikoki, inplikatutako gidaria eta bidearen gainerako erabiltzaileak ohartarazteko.
Aldi berean, 50 C-ITS baliza berri jarriko dira N-I eta A-15 errepideetan, eta 27 balizei AP-8 eta AP-1 autobideetan gehituko zaizkie. Sare horri esker, informazioa denbora errealean trukatu ahal izango da etengabe ibilgailuen, azpiegituraren eta kontrol-zentroen artean, segurtasuna eta trafikoaren kudeaketa aurreratua indartuz.