Jundizko industrialdeak kamioientzako aparkaleku segurua izango du, Gasteizko alkate Maider Etxebarriak berriki iragarri duen bezala. Lurzoru industriala kudeatzen duen udal sozietateak, GILSAk, hiru lursail esleitu zizkion atzo Norpetrol enpresari aparkaleku hori eraikitzeko. Enpresa horrek gasolina-zerbitzugune bat du industrialde horretan, eta 1.160.000 euroren truke, 12.100 metro karratuko hiru partzela erosi ditu ondoan, Masparra kalean. Hiru orubeak kaleko 26. zenbakiaren parean dauden bi gasolindegien parean daude, horietako bat Norpetrolekoa. Aparkalekuak kamioientzako 90 plaza izango ditu. Gainera, ekipamendu berri horren osagarri, enpresak pabiloi bat eraikiko du aurretik erositako lurzati batean. Bertan, garraioko profesionalek komunak, aldagelak, denda eta atseden hartzeko gune bat izango dituzte, Interneterako doako sarbidearekin.