Skip to main content
C/ Portu-Etxe 9-1º, 20018-San Sebastián 943 31 67 07 guitrans@guitrans.eus

Andoaingo Bazkardo inguruan A-15 eta N-I errepideak lotzeko proiektua aurkeztu dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak A-15 eta N-I errepideak Bazkardo inguruan, Andoainen, lotzeko proiektua aurkeztu du. Proiektu horrek bi errepide horien arteko elkargunea berrantolatuko du begizta egitura baten bidez. Planteatutako konponbideak inpaktu txikiagoa lehenesten du, eta Bazkardoko auto-ilarekin amaitzea ahalbidetzen du, Gipuzkoako lurralde osoan eguneko auto-ilara gehien sortzen dituen gunea baita. Diseinu berriarekin, funtzionaltasuna eta edukiera nabarmen hobetzea aurreikusten da, zirkulazio arinagoa bermatuz eta Andoaingo hiri-bilbearen gaineko eraginak minimizatuz; izan ere, lotura osoa iparralderago mugitzen da eta hiri-eremutik urruntzen da.

Ibilbide berria Atorrasagastiko tunelaren irteeratik abiatuko da, eta bi erreiak mantenduko ditu Lasartetik datorren N-I errepidearekin bat egin arte. A-15 errepidearen enborrak N-I errepidea eta Oria ibaia zeharkatuko ditu perpendikularki, 595 metroko luzerako egitura baten bidez. Ondoren, 215 metroko bigarren egitura kurbatu batek N-I errepidea eta Oria ibaia gurutzatuko ditu berriro, Tolosa-Lasarte tartean N-I errepidearekin bat egin arte jaitsiz. Galtzadaren azken konfigurazioak 3,5 metroko bi errei, 2 eta 1 metroko bazterbideak eta 0,6 metroko zabalerako segurtasun-hesiak izango ditu. Gainera, bidezubiaren lehen zatian zarataren aurkako argiak eta pantailak instalatzea aurreikusi da, inpaktua minimizatzeko helburuarekin.

Trazadura fase hauetan banatzen da:

· Atorrasagastiko tunelaren irteeran hasten da. Buruntzako lotunerako irteera-adarra (igarotzekoak ez diren trafikoetarako) galtzadaren ezkerraldetik egingo da, eta Tolosarako noranzkoan doazen ibilgailuentzako bi erreiak mantenduko dira (A-15 errepidearen enborra).

· A-15 errepidearen enborrak N-I errepidearen eta Oria ibaiaren gainean egiten du hegan, perpendikularki, haranaren ezkerreko hegalean bermatzen den egitura baten bidez, 70 m-ko luzeran. Egitura 8 pilatan (9 bao) bermatuta dago eta 595 m-ko luzera du.

· Ondoren, bigarren egitura kurbatu batek N-I errepidea eta Oria ibaia gurutzatzen ditu berriro, eta altuera galtzen doa, N-I errepideko “Tolosa – Lasarte” galtzadaren ondoko zelaigunean lurreratu arte. Egitura horrek 5 pila ditu (6 bao) eta 215 m-ko luzera.

· A-15 eta N-I errepideen elkargunea eta 4 eta 3 errei bitarteko igarobidea egungo oinezkoentzako pasabidearen parean amaitzen dira.

Aurreikusitako egutegiaren arabera, proiektua 2025eko bigarren seihilekoan idatziko da, obren lizitazioarekin eta obren hasierarekin 2026an.