
43. astean urtero ospatzen den Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europako Astea dela eta, Osalanek bere app berria jarri du martxan, “Segurtasuna eta Osasuna Lanean pertsona guztientzat” lelopean. Osalan.appek adimen artifizialean oinarritutako laguntzaile birtual bat du, laneko arriskuen prebentzioarekin lotutako zalantza ohikoenak berehala argitzeko. “Alerta-sistema” bat ere sartu da, eta jakinarazpenen bidez, lan-ingurunean izan daitezkeen baldintza kaltegarrien berri emango die erabiltzaileei. Kasu horietan, abisu pertsonalizatuak eta prebentiboak jasoko dituzte, arrisku horiek murrizteko gomendio zehatzekin. Hileroko aholkuek ere presentzia izango dute app honetan, erraz aplika daitezkeen edukiekin. Aplikazioan, gainera, Osalanen azken nobedadeak, albisteak eta jarduerak kontsultatu ahal izango dira, bai eta funtzionalitate berrietara pixkanaka sartu ere.
Ekimen horren bidez, Osalanek berretsi egiten du prebentzio moderno, inklusibo eta oraingo erronketara egokitutakoaren aldeko konpromisoa, teknologia lan-osasunaren zerbitzura jarriz. Web aplikazio berriak eta Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europako Astearen esparruan aurkeztutako ekintza osagarriek prebentzioa herritar guztiei hurbiltzeko helburua indartzen dute, pertsona guztientzako lan-ingurune seguruagoak, osasungarriagoak eta iraunkorragoak sustatuz.