Abenduaren 3an, asteazkena, egindako osoko bilkuran, Gipuzkoako Batzar Nagusiek honako hau eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari:
1. Pasaiako portuak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiarako duen izaera estrategikoa eta euskal portuen kudeaketan euskal erakundeek duten eskumena defendatzea. Eta, hori bere gain hartzean, erakunde autonomikoen, eragile ekonomikoen, langileen eta, bereziki, udalen erabakitzeko ahalmena handituko duen eredu bat sustatzea portuaren gobernantzan.
2. Portu-lurzoruen plangintza- eta erabilera-araubide berezia eta udal-eskumenak defendatzea, bereziki hirigintza-antolamenduaren arloan eta horiekin lankidetzan.
3. Portu Agintaritzaren gobernu-organoko kide gisa, udalekin, Portu Agintaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, hainbat urtetarako inbertsio-plan bat egitea, Pasaiako portuaren lehiakortasuna eta etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko, haren kudeaketa modernizatzeko, kudeaketa digitalizatzeko, ingurumen-eraginak modu jasangarrian neurtzeko, trenbide-konexio logistiko eraginkorrak ahalbidetzeko eta kamioien sarrera eta irteera autoen trafikotik bereizteko, portuaren eraginkortasuna eta langileen eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.
4. Udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, urte anitzeko inbertsio-plan egonkor bat prestatzen jarraitzea, badia eta, bereziki, portu-hiriaren bazterreko mugak lehengoratzeko.
5. Udalekin, Garapen Agentziarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Portu Agintaritzarekin enplegu berrien garapena sustatzea, ekonomia urdinaren barruko jarduera berritzaileetan lan-baldintza duinetan.
6. Arrandegian nahiz merkataritza-kaietan garatzen diren lan-jarduerak, portu-zerbitzuen kalitatea eta lanpostuen egonkortzea sustatzea, indarrean dagoen araudia abiapuntutzat hartuta eta nazioarteko legeria kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoan kudeaketa-eredu bat sortuz eta lan-harremanen euskal esparrura egokituz.
(88/2025 MOZIOAREN testu osoa, PASAIAKO PORTUAREN ETORKIZUNARI BURUZKOA (XII. LEGEGINTZALDIA).