Astearte honetan, hilak 20, egindako Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Segurtasun Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena berritzea onartu du, bi erakundeen arteko komunikazioa optimizatzeko segurtasunaren arloan, Interbiak-ek kudeatutako tunelen barruan sor daitezkeen segurtasun- eta larrialdi-jarduketen koordinazioarekin. Interbiak-en ardura da AP-8 autobidearen Bizkaiko zatia, Basauri eta Ermua artekoa, eta Metropoliaren hegoaldeko saihesbidearen zati guztiak – Gallartatik Larraskituraino eta Peñascaletik Venta-Altako lotuneraino- eta Artxandako tunelak kontserbatzea eta ustiatzea. Horrez gain, Gerediaga – Elorrio ardatzaren ustiapena gainbegiratzen du. Azpiegitura horien trazaduraren zati bat lurpetik igarotzen da, eta beharrezkoa da tuneletan gutxieneko segurtasun-maila bermatzea.
Metropoliaren hegoaldeko saihesbidea osatzen duten tunelek (Argalario, Mesperuza, Santa Ageda, Arraiz, Larraskitu, Arnotegi eta Seberetxe) eta Zaldibarko tunelek (AP8), Gazteluak (Gerediaga – Elorrio ardatza) eta Artxandako tunelek 200 metrotik gorako luzera dute, eta, beraz, azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuan aurreikusitako nahitaezko autobabes-neurriak hartu behar dituzte.
Hitzarmen honen arabera, Segurtasun Sailak ENBOR SAREA sarera sartzeko aukera emango dio Interbiak-i, segurtasun publikoaren eta larrialdien euskal sistemako zerbitzuekin harremanetan jartzeko eta, horrela, sozietate publiko honek kudeatzen dituen azpiegituretako tuneletan sor daitezkeen larrialdi-jarduerak koordinatzeko.
Komunikazio-sare hori larrialdi-egoeretan erabiliko da, eta Interbiak larrialdian inplikatutako segurtasun publikoko gainerako agenteekin koordinatzea ahalbidetuko du: suhiltzaileekin, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin, Trafiko Zuzendaritzarekin, Ertzaintzarekin, udaltzaingoekin, Osakidetzako larrialdi-zerbitzuekin, DYArekin eta Gurutze Gorriarekin.