Skip to main content
C/ Portu-Etxe 9-1º, 20018-San Sebastián 943 31 67 07 guitrans@guitrans.eus

OÑATI: langabetuak kontratatzeko laguntzak

Martxoaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren langabeak kontratatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta 2026ko deialdia.

Pertsona edo erakunde onuradunak.
Oñatiko enpresek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek, edozein dela ere beren forma juridikoa, banakako enpresaburuek, ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta emanda egotea Oñatin.
b) 50 pertsona baino gutxiago enplegatzea.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-bereizkeriagatik gertatutakoak barne.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere ez egotea.

Kontratatu beharreko pertsonen betekizunak.
Diruz lagunduko diren kontratatutako pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Oñatin erroldatuta egotea, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin.
b) Langabezian egotea.
c) Ez da dirulaguntzarik emango enpresaburuarekin edo enpresa-kontrola duten, zuzendaritza-karguak dituzten edo sozietatearen forma juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetako kideekin ezkontidea, ondorengoak eta odolkidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaidetasuna duten gainerako senideak kontratatzeko.

Laguntzen zenbatekoa.
Kontratu motaren eta ezaugarrien arabera emango diren laguntzen zenbatekoa honako hauek izango dira:

  • Kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa: 1.500 euro.
  • Iraupen mugatuko eta lanaldi osoko kontratua: 1.200 euro.

Zenbateko horiek 300 euro igoko dira kontratatutako pertsona emakumea denean.

Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, dirulaguntza lanaldiarekiko proportzionala izango da.

Honako kolektibo hauetako pertsonak kontratatzen badira, laguntza % 30 handituko da, eta ezin izango da metatu:

  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) hartzaile titularrak.
  • 35 urtetik beherakoak.
  • 55 urtetik gorakoak.
  • Iraupen luzeko langabeak, hau da, kontratazioaren aurreko 540 egunetan gutxienez 360 egunez langabezian egon direnak.

Egindako kontratuengatik eta deialdi bidez enpresa batek jaso dezakeen laguntzaren muga 3.500 eurokoa izango da.

Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

Eskabideak aurkezteko epea: 2026ko azaroaren 30ean amaituko da epea.

Kontratuen hasiera-data: Deialdi honetan diruz lagunduko diren kontratuak 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitartean hasi behar dira.

Eskaera egiteko inprimaki normalizatuak Oñatiko Udalaren web orrian (www.oñati.eus) egongo dira eskuragarri.