Skip to main content
C/ Portu-Etxe 9-1º, 20018-San Sebastián 943 31 67 07 guitrans@guitrans.eus

Euskadi: kooperatiba eta lan-sozietate berriak sortzeko laguntzen deialdia

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Mikel Torres lehendakariordeak proposatuta, gure autonomia-erkidegoan Gizarte Ekonomiaren ekosistema bultzatzeko dirulaguntzen bi deialdi onartu ditu astearte honetan. Guztira, 4,46 milioi euro emango dira 2026ko ekitaldirako. Laguntza horiek kooperatiba eta lan-sozietate berrien sorrera sustatzera eta lehendik daudenen lehiakortasuna eta kudeaketa indartzera bideratzen dira, laguntza tekniko espezializatuko jardueren bidez.

Deialdi nagusiak 4.025.000 euro ditu, eta helburua da ekintzailetza kolektiboa sustatzea, gizarte-ekonomiako enpresa berriak eratzea eta bazkide langileak sartzea. Laguntza horiek hiru eremu handitan egituratzen dira: ideia-lehiaketen, preskriptore-sareen eta lurralde-sustapenerako planen bidez enpresak sortzearen aldeko ekosistema mantentzea; kooperatibak eta lan-sozietateak eratzea eta sustatzea; eta bazkide mugagabeak sartzen laguntzea.

Deialdi horren barruan, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak gizarte-ekonomiako enpresa berriak sortzea, erakunde sustatzaileen jarduerak eta bideragarritasun-azterlanak babestuko ditu, belaunaldien arteko errelebo-prozesuak errazteko edo zailtasunak dituzten enpresak eraldatzeko. Halaber, langabetuak, bazkide ez diren langileak, desgaitasuna duten pertsonak eta nekazaritzako elikagaien kooperatibetan sartzen diren ustiategien titularrak bazkide gisa sar daitezen lagunduko du.

Bestalde, sail horrek berak 440.000 euro bideratuko ditu gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko laguntzetara. Laguntza hori euskal kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketa eta lehiarako gaitasuna hobetzera bideratuta dago. Dirulaguntza horri esker, kudeaketa-plan eta aginte-taula integralen prestaketa, merkataritza-kudeaketako aholkularitza, gerentziaren profesionalizazioa, enpresak suspertzeko planak eta pertsonengan oinarritutako antolaketa-eredu berrien ezarpena finantzatuko dira.

Era berean, eraldaketa digitalarekin eta zibersegurtasunarekin lotutako jarduerak sartzen ditu, baita enpresa-jardueraren inpaktua murriztera bideratutako ingurumen-hobekuntzako proiektuak ere. Gainera, enpresa-ekimen berriak errazteko eta Gizarte Ekonomiari laguntzeko egiturak indartzeko azterlan ekonomiko eta juridikoak jasotzen ditu.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, aginduak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.