Urriaren 5eko EHAAn hainbat agindu argitaratu dira mota horretako enpresei zuzendutako laguntza-programen aurtengo deialdiekin.
Zehazki, urriaren 5eko buletinean argitaratu zen 2026ko irailaren 9ko Agindua, 2026ko ekitaldirako gizarte-ekonomian ekiteko eta gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzetarako deialdia egiten duena. Guztira, 7 laguntza-lerro, hiru kapitulutan banatuta:
a) II. kapitulua: Gizarte-ekonomiako enpresak sortzen lagunduko duen ekosistema mantentzeko laguntzak (ekintzailetza kolektiboa sustatzea):
1. lerroa. Ideia-lehiaketa.
2. lerroa. Preskriptore-sarea.
3. lerroa. Planifikatutako lurralde-sustapena.
Informazio gehiago.
b) III. kapitulua: Gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko eta sustatzeko laguntzak.
4. lerroa. Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea.
5. lerroa. Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea helburu duten sustatzaileak.
6. lerroa. Krisialdian/belaunaldi-erreleboan dauden enpresentzako bideragarritasun-azterlanak.
Informazio gehiago.
c) IV. kapitulua: Gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzak.
7. lerroa. Sozietate kooperatibo edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresak bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa sartzea lau taldetan: 1) Langabeak; 2) Besteren konturako bazkide ez diren langileak; 3) Desgaitasuna duten pertsonak; eta 4) Nekazaritzako elikagaien kooperatibetan bazkide bihurtzen diren pertsonak.
Informazio gehiago.
Egun horretan bertan argitaratu zen, halaber, 2026ko ekitaldirako Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko laguntzen deialdia egiten duen Agindua.
Diruz lagundu daitezkeen jardueren artean:
a) Urteko kudeaketa-plana edo aginte-taula integrala egitea eta ezartzea, enpresaren egitura ekonomiko-finantzarioa barne hartuta.
b) Kooperatiben eta lan-sozietateen merkataritza-kudeaketako berariazko aholkularitza.
c) Gerentziari laguntzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea, gerentzia- edo zuzendaritza-eginkizunak betetzeko, edo kooperatiba eta lan-sozietateetako jarduera-arloekin zerikusia dutenak, horien profesionalizazioa errazteko, merkatuan duten lehia-posizioa mantentzeko eta hobetzeko funtsezko faktore gisa.
d) Zailtasunak dituzten enpresak suspertzeko plantzat hartzen diren ekintzak egitea, enpresaren lehiakortasuna eta, hala badagokio, finantzaketa lortzeko aukera hobetzeko gomendio zehatzak barne.
e) Erakundeak antolaketa-eredu malguagoetara, kontziliazio-sistemetara eta pertsonak garatzeko sistemetara eraldatzeko tresna berriak ezartzea gizarte-ekonomiako erakundeetan.
f) Enpresak digitalizatzeko tresnak ezartzea. Diruz lagundu ahal izango dira erakundearen prozesuak eta eragiketak eraldatzeko teknologia digitalak erabiltzeko aukera ematen duten ekintzak, hainbat zeregin automatizatzeko prozesua errazten duten aplikazio eta programen bidez, hala nola informazioa bilatzea, formatu digitalean datuak antolatzea, modu elektronikoan biltegiratu, partekatu edo manipulatu ahal izateko. Era berean, enpresen zibersegurtasuneko soluzioak sartzen dira, babes digitaleko oinarrizko neurriak eta neurri aurreratuak ezarriz, zibererasoak prebenitzeko, hala nola antibirusak ezartzea, pasahitzen kudeatzaileak erabiltzea, hodeiko edo kanpoko segurtasun-kopiak, antispam eta anti-phishing iragazkiak instalatzea, enpresaren Wi-Fi sarea zifratuta dagoela ziurtatzea.
g) Ingurumen-arloko hobekuntza-ekintzak ezartzea, enpresen jarduerak ingurumenean duen eragin negatiboa murrizteko.
h) Gizarte Ekonomiaren ordezkari diren erakunde gorenek beren erakunde elkartuei bermeak emateko beharrezkoa den aldez aurreko azterketa ekonomiko eta finantzarioa egitea.
i) Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko eta eraldatzeko pizgarriak kentzen dituzten oztopo juridikoak aztertzea.
j) Plan estrategiko bat egitea eta ezartzea, eta bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioko planak egitea, ekintzailetza-zentro berriak eratzeko eta abian jartzeko.
Ekintzek, gehienez ere, 2027ko lehen hiruhilekoan amaituta egon behar dute.
Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 5ean amaituko da.