Skip to main content
C/ Portu-Etxe 9-1º, 20018-San Sebastián 943 31 67 07 guitrans@guitrans.eus

Baliza V-16: Ertzaintza aste honetatik aurrera hasiko da zigorra jartzen, ibilgailuan ez eramateagatik

Segurtasun Sailak gogorarazi du joan den urtarrilaren 1etik derrigorrezkoa dela V-16 balizak erabiltzea. Neurri berri hori abian jarri zenetik, Ertzaintza informazioa ematen eta lan pedagogikoa egiten aritu da gidarien artean, neurri horren berri emateko. Informazio-fase iragankorraren ondoren, Ertzaintza aste honetatik aurrera hasiko da V16 baliza erabiltzeko betebeharra ez betetzearekin lotutako arau-hausteak zigortzen.

Baliza ez edukitzea edo baliza ez erabiltzea arau-hauste arintzat hartzen da, eta 80 euroko zehapena dakar. Zigor hori aurremarkatze-triangeluak eraman edo erabiltzen ez zituztenei ezartzen zitzaien bera da.

Joan den urtarrilaren 1etik, nahitaezkoa da V-16 arriskuaren aurreseinalea aktibatzea matxurak edo istripuak seinaleztatzeko, ibilgailua bidean geldituta dagoenean. Egun horretatik aurrera, baliza da EAEn eta Estatuko gainerako lurraldeetan larrialdiko triangeluen ordez baimendutako arriskuaz ohartarazteko gailu bakarra.