Skip to main content
C/ Portu-Etxe 9-1º, 20018-San Sebastián 943 31 67 07 guitrans@guitrans.eus

Lanaldi partzialeko kontratu mugagabeak lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtzeko laguntzak

Irailaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren 2026ko irailaren 21eko Ebazpena, zeinaren bidez argitaratzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren 2026ko irailaren 21eko Erabakia, zeinaren bidez onartzen baitira lanaldi partzialeko kontratu mugagabeak lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtzeko dirulaguntzen oinarriak eta 2026ko ekitaldirako deialdia. Diruz lagundu daitezkeen bihurketak EAEko lantokietan egin beharko dira.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1. – Diruz lagundu ahal izango dira hasieratik lanaldi partzialera formalizatutako kontratu mugagabeak dirulaguntza eskatu aurretik lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtzen direnean. Kontratu-bihurketa horiek urriaren 1etik eskabideak aurkezteko epearen azken egunera arte egin ahal izango dira.

2. – Kontratua bihurtzearen ondorioz, Gizarte Segurantzako afiliazio-datuak aldatu egin beharko dira lanaldia aldatzeagatik, eta aldaketa horren data hartuko da bihurketa-datatzat.

3. – Deialdi honen babesean egindako kontratu-bihurketek bat etorri beharko dute Langileen Estatutuan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin, eta, nolanahi ere, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hasierako lanaldi partzialak kasu bakoitzean aplikatzekoa den lanaldi osoaren % 70 edo gutxiago izan beharko du. Bihurketaren ondorioz, lanaldia aplikatu beharreko lanaldi osoaren % 100aren baliokidea izango da.

b) Kasu guztietan, kontratuak mugagabea izan behar du bihurketa egin baino gutxienez 6 hilabete lehenagotik, eta gehienez % 70eko lanaldia izan behar du aldi berean.

c) Bihurketa-kontratuek EAEko lantoki bati lotuta egon behar dute.

d) Bihurketa-kontratuek lantokiko batez besteko plantilla handitzea ekarri behar dute.

Kontratazio hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Enpresaburuaren ezkontidea, ondorengoa eta bigarren mailara arteko (hori barne) odolkidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko ahaidetasuna duten gainerako ahaideak kontratatzea, edo enpresaren kontrola dutenekin, zuzendaritzako karguak dituztenekin edo enpresetako administrazio-organoetako kide direnekin, edozein forma juridiko dutela ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egindako edozein deialditan diruz lagundutako jarduerei lotuta formaliza daitezkeen kontratu guztiak.

Erakunde onuradunak.

1. – Enpresa pribatuek, edozein forma juridiko dutela ere, banako enpresaburuek, ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, bai eta 2. paragrafoan aurreikusitako egoeretan ez dauden elkarte eta fundazioek ere, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza soziala eta fiskala EAEn edo lantokia EAEn izatea.
b) Herri-administrazio batek edo batzuek zuzenean edo zeharka % 50etik gorako partaidetza ez izatea.

2. – Pertsona fisiko edo juridikoen elkarteak, ondasun-erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste erakunde batzuk onuradun izan daitezke, baldin eta dirulaguntza ematea eragin duen diruz laguntzeko moduko jarduera egin badezakete. Kasu horretan, beharrezkoa izango da elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatzea, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahikoak izango dituena. Elkartea ezin izango da desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideen preskripzio-epea igaro arte. Artikulu honetan ere ezin izango dira onuradun izan, hurrengo paragrafoan aipatzen den egoeraren bat gertatzen bada.

Dirulaguntzaren zenbatekoa
1. – Hasierako lanaldi partzialaren arabera zehaztuko da zenbatekoa, honako irizpide hauen arabera:
Hasierako lanaldi partziala (lanaldi oso aplikagarriaren gainean) eta zenbatekoa (eurotan)
≤ % 50 – 4.000 euro
> % 50 eta ≤ % 60 -3.500 euro
> % 60 eta ≤ % 70 – 3.000 euro
Zenbateko horiek guztiak % 50 gehituko dira lanaldi osorako bihurtutako lan-kontratuak emakumezko langileekin egiten direnean.

Eskabideak aurkezteko epea urriaren 1ean hasi eta 2026ko azaroaren 30ean amaituko da, egun hori barne, edo kreditua agortu arte.

Informazio gehiago.

Kontaktua:
Erakunde eta Enpresentzako Arreta Zerbitzua: 945 160 601
Emaila: partzialtasuna@lanbide.eus