Skip to main content
C/ Portu-Etxe 9-1º, 20018-San Sebastián 943 31 67 07 guitrans@guitrans.eus

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Sailak 2026-2027 Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du. Plan horrek hainbat berrikuntza dakartza


Plan hau koordinazio-tresna bat da, eta jarraipen- eta informazio-fasean aktibatuko da elur-kota 1.000 metroko altueratik jaisten denean, eta fase operatiboan, kota 700 metrotik jaisten denean eta prezipitazio-bolumenak zirkulazioa zaildu dezakeenean.

Aste honetan aurkeztu den 2026-2027 Neguko Bidezaintza Planak iazko baliabide kopuru bera du, eta guztira elurra kentzeko 215 makina izango ditu foru-aldundietan eta autobideetan; 7 garabi astun, gune estrategikoetan kokatuta, tona askoko ibilgailuak kentzeko, eta beste 130 ibilgailu, koordinazio- eta zaintza-lanetarako lagungarri izango direnak. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak gehituko zaizkie, eta horien kopurua indartu egingo da eta ertzain-etxeetako baliabideekin osatu ahal izango da. 2026-2027ko neguan 28.500 tona gatz eta 775.000 litro gatzun izatea aurreikusten du Planak.

Planean sartutako berrikuntzak

Joan den maiatzean amaitu ziren A-15 errepideko tunelak berritzeko lanak, Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituena Leitzaranen bidez. Horri esker, bide horren erabateko eraginkortasuna berreskuratu eta neguko bidezaintzarako gailuak zirkulazio baldintza berrietara egokitu ahal izango dira.

Bestalde, ekainaren 24ko 518/2026 Errege Dekretuan jasotako eta urriaren 1etik indarrean dagoen Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren aldaketak betebehar berriak ezartzen ditu autobideetan eta autobietan gidatzeko, elurrak zirkulazioa zailtzen duenean. Egoera horretan, debekatuta egongo da aurreratzea, eta ibilgailuek eskuinerago dagoen erreitik zirkulatu beharko dute. Noranzko bakoitzeko hiru errei edo gehiago dituzten tarteetan, ondoko erreia ere erabili ahal izango da; gainerakoek, berriz, libre egon beharko dute, larrialdietako ibilgailuak eta elurra kentzeko makinak errazago igarotzeko.

Era berean, azaroaren 11tik, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek kudeatzen dituzte zuzenean AP-68 autobidearen zatiak, emakida amaitu ondoren. Aldaketa horren ondorioz, bi erakundeak zuzenean arduratuko dira beren eskumeneko tarteetan Neguko Bidezaintza Planean aurreikusitako jarduerak gauzatzeaz.

Joan den neguan, 9 aldiz aktibatu zen Neguko Bidezaintza Plana.